Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

PesaBizkaia, S.A.

Hizkuntza aukera

Nabigazio-menura joan

Historia

Pesa Bizkaiaren historia oso lotuta dago Euskal Herriko pertsonen garraioarenarekin. Jatorria 1833an du, “La Esperanza” enpresa, gerora Pesan sartu zena, Ondarroatik, gurdi bidez, zerbitzuak eskaintzen hasi zenean.

Garai haietan, ez zegoen egungo errepide eta autobide modukorik, eta bidaiak, askotan, bertan behera geratzen ziren elurteak eta denboraleak zirela medio. Kilometro gutxiko ibilbide bat abentura bat bilaka zitekeen bidaiarientzat; bidearen etengabeko balantza jasan behar izaten zuten, gehienetan, lurrezko bideak izaten baitziren.

Baina XX. mendearen etorrerarekin, gurdiak motordun ibilgailuekin ordeztu ziren. Euskal Herrian, berandu gabe, ekin genion asmakizun berri hori erabiltzeari, eta 1901erako, dagoeneko, “Sociedad Vitorianak” lurrun bidezko hiru “omnibus-automobil” zituen; hogei eserlekuko ibilgailu horrek Gasteiz – Lemoa ibilbide egiten zuen.

Asmakizun berriak eskaintzen zituen aukerei esker, pixkanaka, gure lurraldean bidaiarien garraiorako enpresa ugari sortu ziren. Horietako askok ibilgailu bakarra zuten, eta jabeek bidaiariekin adosten zituzten ordutegiak eta geltokiak. Enpresa horietako batean aurkituko dugu, beraz, ondoren Transportes Pesa, SA izango zenaren jatorria.

1955eko urriaren 1ean, bi garraiolari bazkidek, beren lineak bateratzeko eta herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko enpresa sortzeko asmoa izan zuten; horrela, Transportes Pesa, SA sortu zuten. Abiapuntutzat bi linea nagusi zituzten, eta horiei egoerak eskatzen zuen norabidea ematen jakin zuten: Bilbo – Donostia eta Donostia – Baiona.

Hurrengo urteetan, Transportes Pesa, SA-k bere flota handitu zuen; bere lineetako puntu garrantzitsuenetan mekanika-tailerren sare bat ezarri zuen, eta administrazio-kudeaketa guztia Donostiako Ibaeta auzoan kokatutako instalazioetan zentralizatu zuen.

70eko hamarkadatik aurrera errepideetako azpiegituretan egindako hobekuntza garrantzitsuek asko erraztu zituzten Transportes Pesa, SA-ren lineak igarotzen zituen herrien arteko komunikazioa. Horrek, hein batean, aukera eman zuen maiztasuna handitzeko, ibilbidearen denbora murrizteko eta flota berritzeko epeak laburragoak izatea.

Hamarkada horretan bertan, Transportes Pesa, SA arduratu zen Bilbo – Lemoa – Durango errepide bidezko lineaz, ordura arte “Compañia de Ferrocarriles Vascongados, SA” (FFVV) konpainiak eramate baitzuen ”Tranvia de Bilbao a Durango y Arratia” (TBDA) konpainiak –aurrekoaren filialak– utzi zuenetik.

Joera horrek 80eko hamarkadan ere jarraituko du; “Autobuses de Arratia, SA” konpainia (Zeanuri – Bilbo linearen emakidaduna) Grupo Pesara batuko da. Gauza bera egin zuten, garai hartan, “Transconor, SA” Eskoriatza – Donostia bere linearekin, eta “La Vergaresa, SA” konpainiak, Eibar – Gasteiz ardatzaren emakidaduna zenak Bergara eta Arrasatetik barrena.

20 urte hauetan, Transportes Pesa, SA-k askotariko modeloak zituen bere automobil-parkean, nahiz eta nagusi ziren Irizarrek karrozeria ipinitako Pegaso 5031k, bereziki, ibilbide luzeko lineatan. Aldaketarik garrantzitsuena 80eko hamarkadaren erdialdean gertatu zen; orduan eskuratu ziren Scania modeloak, Irizarrek karrozeria ipinitako K112ak, eta pixkanaka eta ondorengo bertsioetan, hurrengo hamarkadan Transportes Pesa, SA-ko ibilgailuek hartu behar zuten fisionomia berriaren zati garrantzitsu bilakatuko ziren.

Azken batean, 90eko hamarkadak aldaketa sakona ekarri zion ordura arte Transportes Pesa izan zenari. Zuzendaritza-taldeko kideak berritzeak ekarri zituen ideia berriak eta enpresa talde lehiakor bilakatzeko apustua, Europako Batasunak eta milurteko berrian integratzeak planteatzen zituen erronka berrien aurrean.

Horretarako ezarritako lehen neurria irudi korporatiboan aldaketa bat egitea izan zen. Flotari dagokionez, ordura arte Transportes Pesa, SA-ko ibilgailuen bereizgarri zen kolore berdea ordeztu egin zen beste koloretsuago, alaiago eta egungo garaietara egokituago batengatik.

Ia aldi berean, flotako ibilgailuen modeloak bateratzeko politikari ekin zitzaion, ordura arteko modelo ugariak bi nagusitara murriztu ziren: Scania K112 eta Volvo B10M, kasu bietan beren ondorengo serieekin.

Historiaren momentu honetan, bere zerbitzua hobetzeko xedearekin, Transportes Pesa, SA-k Bizkaian zituen lineak, 1997ko irailean, Bizkaibus deituriko taldean sartu ziren, Bizkaiko Foru Aldundiaren garraio departamentuaren mendeko, eta hala sortu zen Pesa Bizkaia, SA filiala.

Pesa Bizkaia, SA sortu zen bidaiariei zerbitzu erosoa, kalitatezkoa eta beren beharrei egokitutakoa eskaintzeko bokazioarekin eta konpromisoarekin.

1997ko irailaren 15a dugu ibilbide berri honen abiapuntua adierazten duen data. Hasiera batean, Pesa Bizkaia, SA-k 22 ibilgailu eta 80 lagunez osatutako lantaldea zuen, eta horiekin Bizikaia guztitik banatutako komunikabide linea garrantzitsuei erantzuna ematen zien; Bilbo harremanetan jartzen zuen Durangorekin, Elorriorekin, Ondarroarekin, Ermuarekin etab., eta baita herri horiek euren artean ere, kasu askotan.

Zerbitzu horiek guztiek hasiera batetik izan dute administraziorako eta zuzendaritzarako pertsonen laguntza; horiek bulego nagusietan egiten dute lan, garai hartan Bilboko Somera kalean zeuden horietan. Gogoan eduki behar da babes handia dela tailer propìoak edukitzea ere, edozein arazo mekanikoren konponketa arintzen baitute, eta ibilgailuen mantenuari dagokionez, gure kalitate estandarrak ezartzeko aukera ematen baitute.

Herritarrak asebetetzera bideratutako lan profesionaleko urte guzti hauetan, Pesa Bizkaia, SA-k pixkanaka zerbitzuen eskaintza handitu egin du: linea berriak jarri ditu; dagoeneko zeudenak hedatu egin ditu, eta ordutegien eta maiztasunen diseinuan hobekuntzak egin ditu. 2000 urtetik gaur arte, bestek beste, gertakari azpimarragarrien artean honakoak aipatuko ditugu:

  • - Bilbo – Ermua linea luzatu zen Eibar arte, eta gainera autobide bidezko zerbitzua eskaintzen da Ermua eta Bilbo artean.
  • - Ibilbide berriak sortu dira: Orozko eta Bilbo artekoa, Otxandio eta Galdakaoko ospitalea artekoa eta Garai eta Durango artekoa, besteak beste.
  • - Anezka-zerbitzuak jarri dira eskualdetako herri nagusienetan: Durango, Igorre…; hortik Bilbora joateko.
  • - Unibertsitateko garraio kolektibora bideratutako zerbitzuak martxan jarri dira, eskualde desberdinak Leioako EHUko campusarekin lotzeko.

Pesa Bizkaia, SA enpresaren filosofia definitzen duena jarduera etengabea dela frogatzen duena da, azken urteetan egitasmo berri eta garrantzitsuetan sartu dela, horien bidez, bidaiatzeko aukeratzen gaituzten pertsona guztiei kalitatezko zerbitzu bat eskaintzeko.

Bolunburu, 14 B. Pol. La Fletxa, 48330 Lemoa (Bizkaia) - Tlf.: 94-4169479 - Fax: 94-4169646